Bi greba egun egingo dituzte Haurreskolak partzuergoan

Abenduaren 10ean eta 16an lanuztera deitu dute ELAk, LABek eta Steilasek. Zerbitzua «kolokan» ikusten dute.

2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
BILBO. Lan hitzarmenak zein akordioak betetzeko eta negoziatzeko eskatzeko, Haurreskolak partzuergoko sindikatuek bi greba egun egingo dituzte datorren hilabetean: abenduaren 10ean eta 16an lanuztera deitu dute ELAk, LABek eta Steilasek. Halere, gogora ekarri dute urrian ekin zietela mobilizazioei. «Ikasturte honetan oraindik mahai negoziatzailera deitu gabe jarraitzen dute; pazientzia agortu zaigu».

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta Haurreskolak partzuergoko zuzendaritza jarri dute sindikatuek gatazkaren erdigunean. Zehazki, haur eskolak «albo batera uztearen» erantzuletzat jo dituzte. Sindikatuek adierazi dutenez, hitzarmenik gabe, langileen lan baldintzak «okertu» egin dira, eta zerbitzuaren kalitatea ere «kolokan» jarri dute. Alde horretatik, Zorione Etxezarraga partzuergoko kudeatzailearen dimisioa eskatu dute berriro sindikatuek.

Egoera bideratzeko, lan ituna betetzeko eskatu diote partzuergoari eta, adibidez, ordezkapenak egiteko. Era berean, partzuergoa Hezkuntza Sailaren barruan integratzea eta aurrekontua handitzea ere galdegin dute: «0-3 hezkuntza zikloaren garrantzia aitortu behar da; jaiotzatik hezkuntza eskubidea aldarrikatzen dugu, eta, horregatik, Haurreskolak partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzeko eskatzen dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.