200 musikari gaztek Mahlerren 3. sinfonia joko dute Kursaalean

EGO eta JOCAN orkestrek eta hainbat gonbidatuk gaur emango dute obra; Carmen Artaza kantuan ariko da

EGO eta JOCAN orkestren entsegua, atzo, Musikenen. ANDONI CANELLADA /FOKU.
2022ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
DONOSTIA. Monteverdi abesbatzak eta English Baroque Soloists taldeak inauguratu zituzten Donostiako 83. Musika Hamabostaldiko Kursaaleko kontzertu sinfonikoak, iragan asteartean. Eta gaur, EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrak hartuko die lekukoa. Euskal instrumentista gazteen taldeak25. urteurrena ospatuko du jaialdian, eta, horretarako, Gustav Mahlerren obrarik esanguratsuenetako bat aukeratu du: 3. sinfonia re minorrean. Ez da bakarrik arituko, hainbat talde eta artista gonbidatu baitu urteurrenaren harira: Kanarietako Gazte Orkestra (JOCAN), Donostiako Orfeoia, Orfeoi Gaztea eta Carmen Artaza mezzosopranoa ere izango dira oholtzan. Hala, berrehun interprete baino gehiago elkartuko dira kontzertuan, eta Victor Pablo PerezJOCANeko zuzendari titularraren gidaritzapean ariko dira. 20:00etan hasiko da emanaldia.

EGO Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak sortu zuen, 1997an, euskal instrumentista gazteei orkestrarako prestakuntza eskaintzeko helburuarekin. Nazioartean sona duten irakasleekin lan egiteko aukera izaten dute, eta, prestakuntza aldiari amaiera emateko, kontzertu programazio bat prestatu ohi dute. Oraingoan, Hamabostaldia oso ondo ezagutzen duen abesbatza batekin ariko dira, Donostiako Orfeoiak jaialdiaren 73 alditan parte hartu baitu —125. urteurrena ospatuko du aurten—; Orfeoiaren haur taldea ere haiekin ariko da.

Artazak ere abestuko du Kursaalean. Mezzosoprano donostiarrak 2021eko Francesc Viñas Nazioarteko Tenor Kantu Lehiaketako errebelazio saria irabazi zuen, eta orain bi hilabete eskas egin zuen debuta operan; Hannoverreko Estatu Operan izan zen, Mozarten Così fan tutte laneko Dorabellaren rolean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.