EH Bilduk azaroaren 12an Bilbon mobilizatzera deitu du
IBARRANGELU. «Jada ez da nahikoa gain behera doan sistema honek sortutako injustiziak baretzeko neurri aringarri batzuk hartzea. Egoera honek egiturazko neurriak eskatzen ditu». Hala adierazi zuen Unai Urruzuno EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren ondokoak atzo, eta azaroaren 12an Bilbon Abante lelopean egingo duten mobilizazioan parte hartzeko dei egin zuen. Ibarrangeluko Laida hondartzatik (Bizkaia) «euskal olatua» martxan jartzeko asmoa adierazi zuen, «krisiek sortutako hormak gainditu ahal izateko».
Urruzunok esan zuenez, «ekaitza» iragartzen dute hainbat agintari politikok, egungo egoera «kasualitate bat izango balitz bezala». Iragarpen horien xedea halako testuinguru batean «inondik inora hartu ezin diren erabakiak auzitan ez jartzea» da, EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez. Aitzitik, nabarmendu zuen egungo egoera politika jakin batzuen ondorio dela. «Elite ekonomiko batzuen mesedetan hartu diren erabakiek ekarri gaituzte egoera honetara, bai maila globalean, bai maila lokalean».
«Aldaketarako aukera» badagoela esan zuen Urruzunok, eta zehaztu zuen «ekaitzari» aurre egitekotan «independentismotik, subiranismotik eta ezkerretik» egin beharko zaiola.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.