PEKIN. Iragarritakoa bete da: 2019an hazkunde ekonomikoaren erritmoa moteldu egin da Txinan. BPG barne produktu gordina %6,1 handitu da, inoizko gutxien 1990az geroztik, baina Pekingo agintariek espero zutenaren barruan —%6,5 eta %6 artean—. 2018an, %6,5 handitu zen BPGa.
Produktu merkeen esportazioetan oinarritutako ekonomia batetik kontsumoan oinarritutako baterako bidean dago Txina, eta horrek azaltzen du, hein batean, abiadaren galera. Baina 2019an beste faktore batzuk izan dira: moteltze globalak eskaria txikitu du, eta AEBekiko merkataritza gerrak nazioarteko merkataritzaren hazkundea apaldu du. Barne faktoreak ere izan dira: uste baino kontsumo txikiagoa, langabeziaren hazkundea, finantza sektorearen arazoak, eta biztanleriaren zahartzea.
Txinako Gobernuak, ordea, nahiago izan du alde positiboei begiratu. Batetik, lehen aldiz, biztanleko BPGak 10.000 dolarren maila gainditu du. Bestetik, beste hamar milioi lagun atera dira pobreziatik.
2020ari dagokionez, adituak ez dira ados jarri. Batzuek uste dute AEBekin merkataritza gerra arintzeko lehen akordioa izenpetu izanak lagundu egingo duela; beste batzuek, ordea,gogorarazi dute muga zerga gehienak oraindik indarrean daudela, eta uste dute lehiaren ondorio kaltegarri gehienak orain antzemango direla.
Hain zuzen ere, merkataritza akordio hori mesfidantzaz ikusten du Europako Batzordeak. Phil Hogan Merkataritza komisarioak esan du ongi aztertu behar dutela, uste duelako agian ez datorrela bat MME Munduko Merkataritza Erakundearen irizpideekin.
Txinako ekonomia abiada galtzen ari da: %6,1 hazi zen iaz
Biztanleko BPGak lehen aldiz gainditu du 10.000 dolarren muga, eta hamar milioi atera dira pobreziatik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu