ITP Castingseko grebalariak etzi itzuliko dira lanera

2021eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
BARAKALDO. ITP Castingseko langileek greba bertan behera uztea erabaki dute, eta etzi itzuliko dira lanera, «borroka modu berriei ekiteko». Duela 70 egun hasi zuten, enpresak erregulazio espedientea egitea erabaki zuenean. Gerora etorri ziren 83 kaleratzeak, eta azken asteetako liskarrak. Grebalariek eserialdiak egin dituzte enpresaren atean greba egiten ez zuten langileen sarrera oztopatzeko, eta istiluak izan dituzte Ertzaintzarekin. Batzordeak azaldu du zauritutako langile askoren mediku txostenak dituztela.

Greba utzi bai, baina borroka ez, sorturiko «aliantzak» baliatu nahi baitituzte langileek. Azken egunetan Ezkerraldeko zenbait udalek eta Bizkaiko Batzar Nagusiek lanpostuei eusteko eskatu diote ITPri. Langileak baikorrak dira, Lan Ikuskaritzak erregulazioaren inguruan eginiko txostenak ondorioztatu baitu kaleratzeak ez direla «beharrezkoak». Txostena oinarri hartuta bi aldiz bildu dira enpresarekin, baina hark ez du agertu erabakia aldatzeko asmorik. Auzia epaitegietan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.