Tubacexen greban jarraituko dutela esan du batzordeak

2021eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
LAUDIO. Tubacexeko langileen batzordeko idazkari eta ELAko kide Edu Iberniak adierazi duenez, batzordearen gehiengoak astelehen gauean jakinarazitakoa berretsi du, eta duela sei hilabete hasitako grebari eutsiko dio, zuzendaritzaren azken eskaintza «eskasa» delako. ELA eta LABen ustez negoziatzeko ezinbestekoa da enpresak uko egitea 129 kaleratzeak baliogabetu zituen epaiaren aurkako helegiteari. CCOOrentzat, berriz, horrek ez luke baldintza bat izan behar greba uzteko, eta erreferendum bat eskatu du.

Astelehenean hamar orduz egon ziren bilduta. Zuzendaritzak langileen ordezkariei eskatu zien azken proposamenari erantzuteko asteartea baino lehen, baina herenegun Eusko Jaurlaritzari adierazi zion ez zuela jaso. Berri agentzia bati eginiko adierazpenetan, ELAko kideak ukatu egin du hori: astelehenean bertan erantzun zutela esan du. Ordutik etenda daude elkarrizketak. Iberniak esan du ez dutela beste bilera baterako egunik adostu, eta aurreikusten dutela irailera arte ez biltzea eta abuztuan greban jarraitzea.

Asteleheneko bileran zuzendaritzak eskaini zien kaleratutako langileak behin-behinean onartzea. Baina batzordearentzat ezinbestekoa da lehenik enpresak auzibideari uko egitea. Trukean prest azaldu da zuzendaritzak proposatutako «neurri ez traumatiko batzuk» negoziatzeko: hala nola erretiro aurreratuak eta borondatezko bajak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.