Ertzain eta udaltzain izateko deialdia zabalduko da gaur

Ertzain izateko 700 leku eskainiko dira. Udaltzain aritzeko, berriz, 51 postu aterako dira hemezortzi herritan

2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek lan deialdi publiko bateratu bat egingo dute 2021. urtean, segurtasun indarren belaunaldi aldaketan aurrerapausoak emateko. Ertzain izan nahi dutenentzako 700 postu eskainiko dituzte, eta udaltzain izateko, berriz, 51. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hemezortzi udaletan udaltzain izateko postuak izango dira horiek. Gaurtik aurrera izena emateko epea irekiko da, eta otsailaren 8ra arte egongo da zabalik

Lan deialdi publiko horiek hiru helburu nagusi izango dituzte, Segurtasun Sailak azaldu duenez. Batetik, segurtasun indarrak gaztetzea; izan ere, datozen urteetan ertzain eta udaltzain askok erretiroa hartuko dutela aurreikusi dute, eta belaunaldi aldaketa bermatu nahi dute. Bestetik, ertzainenen eta udaltzainen artean emakumeen presentzia areagotu nahi dute; ertzain izateko lan deialdietan, esaterako, esleituko diren hiru postuetatik bat andreek beteko dute. Azkenik, polizien euskalduntzean aurrerapauso bat eman nahi dutela azaldu dute deialdien sustatzaileek, eta, horregatik, eskainiko diren ertzain postuen bi herenek B2 titulua ziurtatuta eduki beharko dute. Hau da, hautaketa prozesu denak amaitu ondoren, gutxienez 462 ertzainek gutxieneko euskara gaitasuna edukiko dute.

Ertzain izateko 700 postuak legegintzaldi honetan egingo diren lau deialditan esleituko ditu Segurtasun Sailak. Eudelek eta Eusko Jaurlaritzak antolatuko dituzten lehen azterketak udaberri honetan egingo dituzte, eta 2022ko udazkenean lanean arituko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.