Petrolioaren prezioak gorantz bultzatu du inflazioa, %2,3raino

Garraio sektoreak eta elikagaiek, batez ere fruitu fresko garestiagoek, igoarazi dute kontsumo prezioen indizea

2018ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
BILBO. Ohiko erosketa saskia betetzea %2,3 garestiagoa izan da ekain honetan Hego Euskal Herrian, iaz baino. Kontsumo prezioen indizearen arabera, joan den urteko ekainean baino gehiago garestitu dira aurten garraio gastuak, argindarraren eta berogailuaren faktura, eta elikagaiak. Eta horretan zerikusi zuzena izan du petrolioaren prezioen igoerak.

Adibidez, garraio gastuak %6 gehiago garestitu dira iazko ekainetik; izan ere, erregaiengatik iaz baino %12 inguru gehiago ordaindu behar da. Petrolioaren prezioek ere eragiten dute etxebizitza gastuen igoeran, besteak beste, berogailuetarako gasolioan eta argindarraren beraren fakturan. Elikagaien sektoreko prezioek ere gora egin dute joan den hilabetean, %2,5. Eta igoera horretan pisu handia izan du fruitu freskoen salneurriek izandako hazkunde ikusgarriak: fruitu freskoak %14 garestitu dira iaztik Nafarroan, eta %17 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Prezioen hazkundearen erritmoa, hala ere, moteldu egin da ekainean, maiatzetik hiru hamarren soilik igo baita inflazio tasa, eta apiriletik maiatzera artean puntu oso bat igo baitzen, orduan ere petrolioaren erruz.

Herrialdeka, inflaziorik handiena Gipuzkoak eta Nafarroak dute, %2,5eko tasekin. Bizkaian, hazkundea apalxeagoa da, %2,2, eta Araban, txikiena, %2.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.