Erlazioak «larriki hondatzea» egotzi die Pekinek AEBei

2023ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
PEKIN. Herrialdeko aire eremuan zegoen Txinaren globo bat eraitsi zuen AEBetako armadak joan den larunbatean, eta Pekinek Washingtoni leporatu dio maniobra horrekin bi herrialdeen arteko harremanak «larriki hondatzea». Txinako Atzerri Ministerioak ohar bat plazaratu zuen atzo, eta, haren arabera, AEBek «gehiegizko indarrez» egin zuten baloiaren aurka. Pekinek berriro nabarmendu du «erabilera zibila» eman ziotela globoari, eta «ikerkuntza meteorologikoa» zuela helburu.

Pentagonoak joan den asteartean atzeman zuen objektu hori, eta bi herrialdeen arteko krisi diplomatiko bat eragin du. Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak bisita ofiziala egin behar zuen herenegun Txinan, baina bertan behera utzi zuen. Washingtonen ustez, Txinak espioitzarako erabili nahi zuen globo hori, eta Joe Biden AEBetako presidenteak horregatik agindu zuen botatzeko.

Txinaren molde horretako beste globo bat debekatu zuten AEBek Latinoamerikan, eta, horren harira, Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Mao Ningek atzo nabarmendu zuen Latinoamerikako herrialdeek «ulertu» dutela baloia ez dela «arriskutsua». Zenbait iturriren arabera, hain zuzen, Costa Ricako, Kolonbiako eta Venezuelako zeruaren gainean ere detektatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.