Hungariako justizia EBkoa inpugnatzearen alde agertu da

Budapestek lehentasuna eman ahalko dio herrialdeko legediari bi jurisdikzioak gainezartzen diren kasuetan

2021eko abenduaren 11
00:00
Entzun
BUDAPEST. Hungariako Auzitegi Konstituzionalak atzo ebatzi zuen herrialdeak EB Europako Batasuneko zuzenbidea inpugnatu ahalko duela bi jurisdikzioak gainezartzen diren kasuetan. Hortaz, erabaki horrekin, atea ireki dio herrialdeko legediak lehentasuna izateari, eta EBko erabakiak ez aplikatzeari.

Immigrazioari buruzko kasu baten harira hartu du erabakia Hungariako Konstituzionalak. Iragan urtean, Europako Justizia Auzitegiak estatu kide hori zigortu zuen asilo eskatzaileen eskubideak urratzeagatik; zehazki, migratzaileak atxikita izan zituztelako Serbiako mugan, eta ez zietelako utzi dokumentazio guztia betetzen deportatu aurretik.

Judit Varga Hungariako Justizia ministroak aurkeztu zuen gobernuaren salaketa, eta argudiatu zuen migratzaileak herrialdean mantentzeak arrisku bat sor lezakeela: de facto «herrialdeko biztanle» bilakatzea. Vargaren iritziz, horrek urratu egingo luke herrialdean nor sartu behar den erabakitzeko estatuaren eskubidea.

Hala, Peter Szijjarto Hungariako Atzerri ministroa pozik agertu zen erabakiarekin, uste baitu gobernuaren «immigrazio politika babesten eta mantentzen laguntzen» duela.

Hori bai, Auzitegi Konstituzionalak gobernuari ohartarazi zion herrialdeko legedia ez dagoela talde komunitariokoaren gainetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.