Afganistango sei eskualdetako hiriburuak, talibanen esku

Milaka herritarrek Kabulerako bidea hartu dute, eta gobernuak horiek artatzeko laguntza eskatu dio NBEri

Herritarrak Afganistan eta Pakistan arteko mugatik gertu. AKHTER GULFAM / EFE.
2021eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
KABUL. Talibanen hedapena agerikoa da Afganistango lurretan. Matxinoek Aybak, Samangan eskualdeko hiriburua, konkistatu zuten atzo. Mahbuba Rahmat parlamentariaren arabera, armada «tiro bakar bat bota gabe» errenditu zen han, eta harekin sei dira astebetean bereganatu dituzten hiriburuak. Gatazka zabaldu izanaren adibide bat gehiago da azken garaipen hori. Izan ere, herrialdeko 34 eskualdeetatik hamahirutan borrokak izan ziren atzo. Haietan gutxienez 579 taliban hil zituen armadak, Defentsa Ministerioaren arabera. Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsaren esanetan, 27 haur ere hil ziren 72 orduan.

Maiatzean nazioarteko tropek herrialdea uzteko prozesua hasi zutenetik, Afganistango armadak ezin izan du talibanen hedapena geldiarazi. Hala, martxan dena 2001ean gerra hasi zenetik gertatutako oldarraldirik handiena da. Aybak hartu aurretik, talibanek Sar-e-Pol, Kunduz, Takhar, Jawzjan eta Nimroz eskualdeetako hiriburuak ere bereganatu zituzten.

Liskarretatik ihesi, 300.000 lagunek euren etxeak utzi dituzte. Askok Kabulerako bidea hartu dute, eta, Afganistango Gobernuaren arabera, milaka dira herrialdeko hiriburuko kaleetan bizitzen ari direnak. Hala, NBE Nazio Batuen Erakundeari dei egin dio Amrullah Saleh presidenteordeak, haiei laguntzeko baliabide eske.

Talibanak eta gobernua aste honetan batzartuko dira Dohan, baina orain arteko elkarrizketek ez dute aurrerapenik ekarri.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.