Madrilera begira hasiko du urte politikoa Jaurlaritzak

EAEko aurrekontuen negoziazioetan PPrekin bilduko dira aurrena; Espainiakoak negoziatzeko «prest» dago EAJ

2018ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Asteartean hasiko du urte politikoa Eusko Jaurlaritzak, urtero legez, Donostiako Miramar jauregian egiten duen gobernu kontseiluan. EAJren eta PSE-EEren koalizio gobernuak bere hirugarren urteari ekingo dio horrela. Udazkenean mahai gainean izango duen erronka nagusia 2019ko aurrekontuen negoziazioa izango da. Aurreneko bi urteetan PPren babesarekin atera ditu aurrera, eta Espainiako Gobernuak, bereak, EAJren botoekin.

PPkoek ohartarazi dute Madrilen izandako gobernu aldaketak eragina izan dezakeela Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen negoziazioetan, Mariano Rajoy gobernutik kentzeko EAJk PSOEren zentsura mozioa babestu izanagatik. Baina, oharra bidali arren, ez dute baztertzen berriz bat egitea. Hala egin du azkenengo bi urteetan Alfonso Alonso buru duen EAEko PPren zuzendaritzak. PPren primarioetan, baina, Soraya Saenz de Santamariaren alde egin zuten Alonsok eta haren gertukoek. EAJk espero du horrek eraginik ez izatea EAEko aurrekontuen negoziazioan.

Hori adierazi du Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburu jeltzaleak, eta iradoki du PPrekin hasiko dituztela negoziazioak. Azpimarratu duenez, PPrekin dituzten harremanak ez daude hautsita. «PPrekin ezin badugu, Elkarrekin Podemosekin edo EH Bildurekin saiatuko gara», esan du, alderdien hurrenkera hori erabilita.

Bestalde, Aitor Esteban EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak adierazi du «prest» daudela akordio bat egiteko Pedro Sanchezen gobernuarekin Espainiako aurrekontuen negoziazioetan. Baina ohartarazi du «gakoa» izango dela Kataluniako egoera eta hango alderdiek aurrekontuei buruz zer erabakitzen duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.