BILBO. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen aurtengo edizioak 191 ikastaro eta mintegi izango ditu. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, «gaurkotasunarekin lotura estua duten gaiak» landuko dituzte; besteak beste, klima aldaketa, feminismoa, Europako Batasunaren egoera eta brexit-a, eta delinkuentzia era berriak. Horiekin batera, euskal kulturarekin, hezkuntzarekin eta osasunarekin loturiko gaiak ere jorratuko dituzte.
Era berean, hainbat efemeridetan arreta jarriko dute. 2019an, 500 urte beteko dira Fernando Magallaes eta Joan Sebastian Elkano munduari lehenengoz bira emateko espedizioan abiatu zirela, 70 urte Europako Kontseilua eratu zela, eta 150 Dmitri Mendeleivek taula periodikoa sortu zuela. Gertakari horiei buruzko mintegiak antolatu dituzte.
Nekane Balluerka EHUko errektoreak, Rafael Pardo BBVAko fundazioko zuzendariak eta Itziar Alkorta EHUko Udako Ikastaroen zuzendari akademikoak parte hartu zuten atzo Bilbon eginiko aurkezpenean.
Aipatutako gaiei buruzko ikastaroez gain, Balluerkak jakinarazi zuen Jasangarritasunaren Foroa antolatuko dutela aurten, «berrikuntza gisa». Foro horretan, mahai inguruak, solasaldiak eta bestelako ekintzak prestatuko dituzte klima aldaketari buruz, biodibertsitateari buruz eta bioetikari buruz eztabaidatzeko.
www.uik.eus webgunean dago eskuragarri EHUko udako ikastaroen informazio osoa. Halaber, zabalik dago izena emateko epea: maiatzaren 31ra arte.
Aktualitate gaiek ardaztuko dituzte EHUko Uda Ikastaroak
Feminismoa, klima aldaketa eta 'brexit'-a aztertuko dituzte, eta hainbat efemeride gogoratuko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu