Italiako mafiako 350 kide epaitzen hasi dira

2021eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
ERROMA. Italiako mafia boteretsuentzat jotzen den Ndrangheta sarearen aurkako epaiketa hasi zuten atzo goizean, Italia hegoaldeko Lamezia Terme herrian. Industrialde batean kokatutako eraikin blindatu batean egiten ari dira epaiketa; batetik, segurtasun neurriak betetzeko; eta, bestetik, auzipetuak ehunka direlako. 355 lagun epaituko dituzte, Ndranghetako kide izateagatik eta harekin kolaboratzeagatik.

Mafiako kideak ez ezik, politikariak, militarrak eta enpresariak ere epaituko dituzte, askotariko akusaziopean: hilketak, estortsioa, armen eta lehergailuen trafikoa, ustelkeria, droga trafikoa eta beste. Horien artean daude, besteak beste, Giancarlo Pitteli Forza Italia alderdiko diputatu ohia, Mario Lo Riggio enpresari ezaguna eta Salvatore Rizzo Nicotera herriko alkate ohia.

Rinascita-Scott operazioaren barruan 400 lagun atxilotu zituzten 2019an Italian, Alemanian, Bulgarian eta Suitzan, eta operazio hartatik eratorri da atzo hasi zen epaiketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.