Nafarroako txapelketan azken final-laurdena jokatuko da etzi

Bizkaiko txapelketako final-laurden bat jokatuko dute Ortuellan, eta Xilabako lehen finalaurrekoa Maulen

Joanes Illarregi, Zangozako saioaren irabazlea. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA.
2021eko urriaren 14a
00:00
Entzun
BERTSOLARITZA. Etzi argituko da zein bertsolarik abestuko duen Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetan. Donezteben egingo dute final-laurdenetako laugarren eta azken saioa, 17:30ean, herriko zineman. Irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara, eta puntuazioaren arabera jakingo da zein beste bertsolarik osatuko duten hemezortziko taldea.

Ekain Alegre, Sahats Aleman, Egoitz Gorosterrazu, Iker Gorosterrazu, Josu Sanjurjo eta Julio Soto ariko dira kantuan, eta Maialen Belarra ibiliko da gai jartzaile. Sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus webgunean.

Aurreko hiru final-laurdenetako irabazleak dagoeneko sailkatu dira: Eneko Fernandez, Eneko Lazkoz eta Joanes Illarregi. Finalaurrekoen fasea azaroaren 1ean hasiko da, Altsasun.

Bestalde, etzi jokatuko dira Bizkaiko txapelketako eta Xilabako hurrengo saioak ere. Bizkaiko txapelketako hirugarren kanporaketan, Asier Alcedok, Txaber Altunek, Julen Ibarguengoitiak, Mikel Retolazak, Garikoitz Sarriugartek eta Peru Vidalek kantatuko dute, 17:00etan, Ortuellako Gorbea aretoan.

Xilaba txapelketako lehen finalaurrekoa Maulen izango da, Maule Baitha gelan. Karlos Aizpurua, Amets Arzallus, Kerman Diaz, Maddi Sarasua, Aitor Servier eta Maddi Ane Txoperena ariko dira kantuan han, 16:00etatik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.