Izokin biziak garraiatzeko ontzia uretaratu du Muruetak

Datorren urtean amaituko du 'Kristoffer Tronds' itsasontzia, Norvegiako armadore batentzat

Kristoffer Tronds itsasontziaren uretaratzea, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
2019ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
BILBO. Alsaker Fjordbruk enpresak eskatutako itsasontzia da Kristoffer Tronds. 91 metro luze da, 18,6 metro zabal, eta 5.000 metro kubiko garraiatzeko gaitasuna du. Norvegiako fiordoetan hazitako izokinak Europako hainbat herrialdetako prozesamendu lantegietara eramango ditu.

Arrainaren kalitatea ziurtatzeko, Ā«azken belaunaldiko ekipamenduakĀ» eramango ditu Kristoffer Tronds itsasontziak. Orduko 800 kilo izokin kargatzeko eta deskargatzeko sistema berritzaile bat jarri dute, prozesu horretan arrainak ahalik eta estresik txikiena jasan dezan. Gainera, arrainei parasitoak kentzeko sistema bat izango du.

Itsasontzia uretaratuta, azken lanak egin behar ditu Muruetak, Erandioko bere nasetan. Ontzia 2020ko uztailean entregatzeko asmoa du.

Murueta ontziola 1943. urtean sortutako konpainia bat da, eta, gaur egun, 500 langiletik gora ditu Erandioko eta Muruetako ontzioletan (Bizkaia). Gaur egun, beste lau itsasontzi egiten ari da: aste gutxi barru, arrasteontzi bat entregatuko dio Groenlandiako Royal Greenland konpainiari; atoiontzi bat egiten ari da Bizkaiko Remolcadores Ibaizabal konpainiarentzat; atunontzi izoztaile bat Ekuadorko Jadran taldearentzat; eta beste arrasteontzi bat Ice Trawl Greenlandentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.