Fiskalak mossoak ikertuko ditu CDRen protestengatik

Pedro Sanchez Espainiako presidentea Kataluniara begirako proposamenak egitekoa da gaur

2018ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
BARTZELONA. Kataluniako Fiskaltza Nagusiak atzo jakinarazi zuen Mossos d'Esquadraren jarduna ikertuko duela, CDR Errepublikaren defentsarako batzordeek joan den asteburuan eginiko protestetan pasibotasunez jokatu zuelakoan. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak, berriz, herenegun mehatxu egin zion Generalitateari, mossoek «ordena publikoa bermatu ezean» Espainiako poliziak bidaliko dituela.

Kataluniako giro politikoa gehiago berotu da azken egunotan mossoen harira sortu den eztabaidarengatik, eta Quim Torra Kataluniako presidenteak Esloveniaren independentziarako bidea goraipatuz egin dituen adierazpenengatik. Joan den larunbatean, CDR-ek hamabortz orduz itxi zuten autobide bat, mossoek Gironan eta Terrassan manifestari antifaxistak jo zituztelako. Francisco Bañeres Kataluniako fiskal nagusiaren iritziz, mossoek ez zuten erabili «beharrezkoa den indarra ordena juridikoa berrezartzeko». Fiskalaren erabakia, ordea, eztabaida handi baten ondoren etorri da. Espainiako eskuineko alderdiek berehalakoan eskatu zioten Sanchez presidenteari 155. artikulua ezartzeko. Halakorik ez duela eginen erran du presidenteak, nahiz eta neurri gogorrak hartzearekin mehatxu egin duen. Gaur, berriz, Kataluniarentzat zein proposamen duen azaltzekoa da Kongresuan.

Bertze tentsio puntua buruzagi independentisten kontrako epaiketa izanen da. Auzitegi Gorenak hilaren 18rako deitu du epaiketa hasi aitzineko auzi saioa; hortaz, litekeena da urtarrilaren bigarren erdialdean hastea ahozko epaiketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.