Guraso baimen berdinak Nafarroako funtzionarioentzat

Guraso bakarreko sendientzako laguntzak ezartzeko arau bat onartu du Nafarroako Parlamentuak, aho batez

2019ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
IRUÑEA. Funtzionarioen guraso baimenak berdintzeko lege bat onartu zuen atzo Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak. Hala, bi gurasoen baimenek hamasei aste iraungo dute, eta transferiezinak izango dira, hau da, guraso batek ezingo ditu bi baimenak metatu; halaber, ezingo dituzte baimenak aldi berean hartu. PSNk eraman zuen lege proposamena legebiltzarrera, eta alde bozkatu zuten UPNk, PPNk, Ezkerrak eta Ahal Dugu-Orain Baik; Geroa Bai eta EH Bildu, berriz, abstenitu egin ziren.

PSNko parlamentari Nuria Medinak adierazi zuen guraso baimenak «giltzarri» direla «gizarte eredu aurrerakoi, parekide eta erantzukide bat eraikitzeko». Geroa Baiko legebiltzarkide Virginia Alemanek, ordea, kritikatu zuen ez dela neurri «inklusiboa», langile guztiei eragin beharko liekeelako. Ildo horretan, sozialistei leporatu zien Madrildik ezer ez egitea; izan ere, guraso baimenak berdintzea Espainiako Gobernuaren eskumena da, eta urtero atzeratzen du hori gauzatzeko aurrekontu sailaren aplikazioa.

Bestalde, guraso bakarreko familiak babesteko lege bat ere onartu zuen atzo parlamentuak; Ahal Dugu-k aurkeztu zuen, eta alderdi guztiek bozkatu zuten alde. Adingabeak eta emakumeak babestea du xede arauak. Halako sendiak akreditatzeko irizpideak zehaztu ditu, gizarte zerbitzuetarako sarbidea bermatze aldera. Gainera, familia ugariek dituzten antzeko laguntzak ezarri ditu guraso bakarreko sendientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.