Mexikon 39 lagun hil dira iheslarien atxilotze gune batean

Ezbeharra Ciudad Juarezen gertatu da, AEBetako mugatik oso gertu. Dozenaka lagun zauritu dira

Erreskate taldekoak, atzo, Ciudad Juarezen (Mexiko), sutea itzali ostean. EFE.
2023ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
CIUDAD JUAREZ. Gutxienez 39 lagun hil eta 29 zaurituziren atzo Ciudad Juarezen, Mexikon, herrialde horretako agintariek jakinarazi zutenez. Ezbeharra migratzaileen atxilotze gune batean gertatu zen, AEB Ameriketako Estatu Batuetako mugatik oso gertu, eta Mexikoko hedabideek esan zuten hildakoak iheslariak direla. Denera, 68 pertsona zeuden eraikinean sutea hasi zenean.

Oraindik ez dute argitu nola sortu zen sua, baina lekukoek Mexikoko hedabideei esan zieten migratzaileak atxilotuta zeuden eremuan abiatu zela. Andres Manuel Lopez Obrador herrialdeko presidenteak errefuxiatu horiei bota zien gertaturikoaren errua, argudiatuta protesta baten ondorio izan zela. «Haiek abiaturiko protesta batekin izan du zerikusia, jakina zutelako deportatu egingo zituztela, pentsatzen dut. Protesta modura, koltxoiak jarri zituzten aterpeko atean, eta horiei su eman zieten. Ez zuten imajinatu horrek halako zorigaiztoko tragedia bat eragingo zuenik».

Mexikoko ezbeharra ez da aurtengo lehena. Iragan hilabetean, esaterako, 39 migratzaile hil ziren Panaman, autobus istripu batean; biktimak, besteak beste, Venezuelakoak, Ekuadorkoak, Haitikoak, Eritreakoak eta Nigeriakoak ziren.

Iaz, gainera, paperik gabeko 2,76 milioi lagun atxilotu zituzten Mexikoren eta AEBen arteko mugan, Nazioarteko Migrazio Erakundearen datuen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.