100 milioiren kontratuak lortu ditu CAFek Eskandinavian

Mantentze lanak egingo ditu Bergen-Oslo trenetan, eta beste bost metro egingo ditu Helsinkirako

2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
BEASAIN. CAFek ehun milioitik gora balioa duten bi kontratu lortu ditu Eskandinavian. Horietako lehenengoa, Norvegiakoa, Euromaint erosi izanaren ondorio da. 2019. urtean erosi zuen Suediako konpainia hori CAFek, ohartuta trenak egitea ez ezik horien mantentze lanak egitea ere negozio handia dela.

Euromaintek Norvegian lortutako lehen kontratua da 2019. urtearen amaieran lortu baina orain jakinarazitakoa. Haren bidez, CAFen filialak Bergensbanan izeneko trenbidean ibiltzen diren trenak konponduko eta mantenduko ditu datozen bederatzi urteetan, VY konpainiarentzat. Tren horrek Oslo hiriburua eta Bergen hiria lotzen ditu. Lanik gehienak Bergenen bertan egingo ditu CAFek, linea horretarako mantentze lanetarako tailer berria ari baitira eraikitzen han.

Eskandinavian ere, Finlandian, CAFek kontratua zabaldu du Helsinkiko metroa kudeatzen duen HKL Helsingin Kaupungin Liikennelaitos enpresarekin. Horren bidez, gaur egun zirkulazioan dauden hogei metro unitateei beste bost gehituko dizkie Beasaingo konpainiak. M300 seriekoak izango dira, eta bakoitzak lau bagoi izango ditu. Trenez gain, horietarako ordezko piezen hornikuntza ere jasotzen da esleipenean. Unitateak 2022. urterako emango ditu CAFek.

Autobus elektrikoen negozioan ere sartuta dago CAF, lehenik Vectiaren bidez, eta ondoren Polonian erositako Solarisen bitartez. Solarisen hamalau autobus artikulatu erosi dizkio Bartzelonako garraio publikoen kudeatzaileak, TMBk. 2021. urtearen hasieran entregatu nahi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.