Bederatzi lagun hil dituzte Egipton eraso sektario batean

Barne Ministerioaren arabera, muturreko islamista batek tiroz eraso die kristau koptoen denda bati eta eliza bati

2017ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
KAIRO. Gutxienez bederatzi lagun hil zituzten atzo Kairon, kristau koptoen aurkako eraso sektario batean. Barne Ministerioaren arabera, muturreko ideia islamistak dituen erasotzaile bakar batek egin zuen atentatua, suzko arma batekin. Iturri horren arabera, ustezko erasotzailea atxilotu zuen Poliziak. Barne Ministerioak zuzendu egin zuen Osasun Ministerioak aurrez egindako kontakizuna; beste ministerio horrek esan zuen bi erasotzailek hamabi lagun hil zituztela, eta Poliziak erasotzaileetako bat hil zuela, eta besteak, berriz, ihes egin zuela.

Barne Ministerioak gero adierazi zuenez, ustezko erasotzaileak atentatu bikoitz bat egin zuen: lehenik, koptoen denda batera sartu zen, eta bi anaia hil zituen tiroz; ondoren, eliza batean sartzen saiatu zen, eta kanpoaldean hil zituen zazpi lagun —horien artean, polizia bat—.

Egiptoko gutxiengo etniko nagusia dira koptoak; herritarren %5-10 artean dira —ez dago datu ofizialik—, nagusiki kristauak dira erlijioz, eta antzinako Egiptoko biztanleen ondorengotzat dute beren burua. Azken urtean, muturreko islamistek ehun kopto inguru hil dituzte erasoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.