Cascanteko eskolak erabaki du PAItik ateratzea
CASCANTE. Cascanteko Santa Vicenta Maria ikastetxe publikoak (Nafarroa) PAI ingelesez ikasteko programa utziko du datorren ikasturtetik aurrera. Ez da bide hori hartu duen lehena: iazko ikasturtean, Castejongo Dos de Mayo eskola publikoak ere atzera egin zuen, programa hori «inposatu» zitzaiela eta «kalte handia» eragin ziela argudiatuta. Aurten, Nafarroako 116 ikastetxetan ezarria dago PAI. Hizkuntza eredu guztietan eskaintzen da, baina bitan dago hedatuen: gaztelania hutsezko G ereduan eta euskara irakasgai duen A ereduan.
Cascanteko eskola PAItik ateratzeko prozesua ez da berehalakoa izanen. Irailean 2023-2024ko ikasturtean hasiko diren ikasle berriek ez dute ingelesezko eduki gehigarririk izanen; orain arte PAIn ikasi dutenek, ordea, programari eutsi beharko diote Lehen Hezkuntzako 6. maila bukatu arte.
Antzeko bidea egiten ari da Castejongo eskola ere. Gemma Martinez zuzendariak BERRIAn esan zuen programak «arazo handiak» eragin zizkiela. Ziurtatu zuen haurren ingeles maila ez zela nabarmen hobetu, eta, are okerrago, «gabeziak» sumatu zituztela gainerako ikasgaietan.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.