U-1a Katalunian epaitzeko eskatu du defentsak

2018ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
MADRIL. Iazko urriaren 1eko independentzia erreferendumari buruz Espainiako Auzitegi Gorenean egitekoa den epaiketak lehenengo urratsa egin zuen atzo, aldeek beren jarrera azaltzeko egin zuten aurretiazko saioan. Hemezortzi akusatuen abokatuek eskatu zuten auzia Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak epai dezala, egozten zaizkien delituak egitekotan Katalunian egin zirelako.

Jordi Turullen, Jordi Sanchezen eta Josep Rullen abokatuak, esaterako, eutsi zion argudio horri: «Matxinada delitua definitzen duten elementuak ez dira Kataluniatik kanpo egin», adierazi zuen Jordi Pinak. Jaime Moreno fiskalak, aldiz, kontrakoa defendatu zuen, prozesu subiranista «Espainiaren interes orokorren aurkako atentatu larria» izan delakoan. Gainera, prozesua indarkerian oinarritu zeneko teoriari eutsi zion.

Urtarrilean hastekoa da epaiketa, baina hori baino lehen ere egongo dira arreta bereganatuko duten egunak. Etzikoa, esate baterako, Espainiako Gobernuak Ministroen Kontseilua Bartzelonan egitekoa baitu. Atzo Kataluniako eta Espainiako gobernuek adierazi zuten Quim Torra Kataluniako presidentea eta Pedro Sanchez Espainiakoa egun horretan elkar litezkeela Bartzelonan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.