Eskozian 100.000 lagun kalera atera dira independentzia eske

DUPeko Foster aukeratu dute Ipar Irlandako lehen ministro, eta Sinn Feineko O'Neill lehen ministrorde

Milaka herritar Glasgowko kale batean, atzoko manifestazioan. #BARRA_ABILDUA#ROSSCOLQUHOUN.
2020ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
GLASGOW. All Under One Banner (Guztiak Bandera Baten Azpian) Eskoziako mugimendu independentistak zortzi mobilizazio antolatu ditu 2020rako, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroari presio egiteko. Lehena atzo egin zuten, Glasgown, eta mugimenduak «oso arrakastatsutzat» jo zuen: 100.000 lagun atera ziren kalera independentzia eske.

Bigarren erreferendumaren aldekoentzat, 2020a urte garrantzitsua izango da, All Under One Bannerreko Gary Kellyk adierazi zuenez: «Eskozian aurten izango diren manifestazioen programak islatzen du geroz eta gehiagok nahi dutela bigarren galdeketan botoa eman». 2014an, eskoziarrek ezezkoa eman zioten independentziari, Europako Batasunetik aterako zirelako, baina brexit-ak egoera aldatu du, eta Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak beste erreferendum bat egiteko eskumenak eskatu zizkion Johnsoni; ezezkoa jaso zuen.

Datozen urteetan, Erresuma Batuaren lurralde auziak zeresan handia emango du. Eskoziaz gain, Irlandaren batasuna izango da protagonista; hain justu, Ipar Irlandan gobernua berreskuratzeko akordioari baiezkoa eman zioten herenegun, eta atzo gobernu berria osatu zuten. Alderdi Demokratiko Unionistako (DUP) Arlene Foster izango da lehen ministroa, eta Sinn Fein errepublikanoko Michelle O'Neill lehen ministrordea. Hiru urte zeramaten gobernurik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.