ZUZENDARIARI

Zertzean

Arratia.
2020ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Gabon gaua Detroiteko kaleetan, elurra mara-mara dabil, eta Motor Cityko pariak, inurritxoak balira bezala, aterpe bila dabiltza 8 Milletik zehar. Hotz dira, ziur asko, negu gorrian 2Pack-en abestirik beroenak nekez berotu baititzake kaletar bakartien gorputz jelatuak.

Eguberria heldu da Osloko desintoxikazio zentro batera. Heroinak gazte bi zimeldu ditu, udazkeneko hosto horiak balira bezala. Hurrengo neguan orbel bilakatuko da gure bikotea; drogatzera joaten diren parkeko zuhaitzak eta txoriak baino ez dira horretaz ohartuko. Gainera, Santa Clausek aurten ez du oparirik utzi.

Gabon zahar gaua Moskuko metroan; bertan bigarren mailako bidaiaririk ez dago. Bigarren mailakoak Plaza Gorriaren atzean dagoen beste plaza ilun eta ospel batean ostenduta daude, gasolina eta kola esnifatzen. Kola botea talde osoarena da; aspaldi boterea herritarrena zen bezala.

Urte berria Txinan. Lufeng eskualdeko Boshe herrian, Old Shangai izeneko jatetxetik irten berri da bertako behargin bat—19 orduko txanda egin ondoren zigarreta eskuan daramala. 47 zigarreta erre ditu jada. Handik eta egun batzuetara hilda aurkituko dute bere etxeko atarian, zamako minbiziak janda. 40 urte eta amets ugari zituen urte honetarako. Hori zioten, sikiera, bere lankideek.

Errege bezpera Guatemalako Puerto Barrios auzoan. Bi gaizkile-talde armak banatzen ari dira taldekideen artean. Salvatrucha eta 18 marek egun gogorra dute aurretik; gaur ezin daitezke etxera bueltatu «opariak banatu» barik.

Errege eguna. Gazako ortzimuga gorriz jantzi da. «Goiz gorri, arrats euri» esan ohi du errefrauak. Palestinan, aspaldi, goiz eta arrats gehienak odola bezain gorriak dira. Noizbait, euri tantakaden hotsek Israelen misilak isilarazi dituzte. Aurten, Errege Magoek, orain 2000 urte ez bezala, ez dute umerik (a)gurtu.

Zergatik umetan gizarteak sinetsarazi zidan Gabonak leku guztietan berdinak zirela? Sekulako ziria sartu zidaten...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.