Koronabirusa

Iparraldeko eskolei osasun protokoloa gogortuko diete

Maskara derrigorrezkoa izanen da 6 urtetik gorako haurrentzat. Kultura sektorea erabat geldituko dute

Ikasle batzuk, Baionako eskola batean. GUILLAUME FAUVEAU.
2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
BAIONA. Ipar Euskal Herriaren konfinamendua iragarri zuen herenegun Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, baina udaberrian baino malguagoa izanen dela azaldu du Jean Castex lehen ministroak. Eskolak irekiak izanen dira, eta sektore gehienek martxan segituko dute, «baitezpadakoak» ez diren saltokiek izan ezik. Parkeak eta baratze publikoak irekiak ere egonen dira oraingoz, eta kanpoko merkatuak ere bai.

Eskolak irekiak izango badira ere, osasun protokoloa gogortzea erabaki du Castexek: maskara baitezpadakoa izanen da 6 urtetik gorako haur guztientzat. Horrez gain, ordutegiak ere egokitu beharko dituzte ikastetxeetan, ikasleen arteko gurutzatzeak ahal bezainbat saihesteko.

Bestalde, Omiasainduz hilerriak bisitatzera joatea baimendu du lehen ministroak, eta, anartean, lore saltegiak irekiak egonen dira. Asteburura arte «malgutasuna» egonen da Frantziako Estatuko eskualde batetik bestera igarotzeko, bakantzen bukaera dela eta. Astelehenetik aitzina, ordea, debekatua izanen da eskualde batetik bestera pasatzea, premiazko arrazoi bat tartean ez badago.

Kulturaren sektorea, berriz, geldirik egonen da: zinemak, ikusgarriak eta bestelako aktibitate kulturalak publikoarekin egiteko debekua ezarri du gobernuak. Nabarmendu du «prestakuntza lana» egiten segitzen ahalko dutela artistek —errepikak eta film grabaketak, adibidez—, baina ez emanaldi publikorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.