Guraso izan nahi dutenei ere eragin die klima larrialdiak

2022ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
KAIRO. COP27 klima aldaketaren nazioarteko goi bilera egiten ari dira Xarm el-Xeikhen (Egipto), eta Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak abagunea baliatu zuen atzo, klima larrialdiak haurrengan duen eragina aztertzen duen txosten bat aurkezteko. Horren arabera, munduko bost gaztetik biri iruditzen zaie umeak edukitzeko erabakiaz berriro pentsatzera bultzatu dituela klima larrialdiak.

Ikerketa hori egiteko, 243.512 pertsona elkarrizketatu dituzte, eta, Afrikan, ia gazteen erdiek erantzun dute klima larrialdia kontuan hartzeko aldagaia dela haurrak izateko. Afrika iparraldean, %44k dute uste hori, eta Saharaz Hegoaldeko Afrikan, %43k. Txostenean jaso dutenez, munduko beste gazte batzuek baino kalte gehiago nozitu dituzte eremu horietako gazteek klima larrialdiarekin lotuta; esaterako, elikagaien eta ur horniduraren arloan eragin die, eta haien senideen diru sarreretan ere izan ditu ondorioak.

«Inpaktu horien ondorioz, Afrikako gazteak etorkizunerako planak aldatzen ari dira», adierazi zuen atzo Paloma Escudero Unicefeko zuzendaritzako kideak. Horregatik, iruditzen zaio COP27 goi bileran parte hartzen ari diren agintariek «gazteen antsietate horren berri» izan beharko luketela, eta neurriak hartu beharko lituzketela haiek babesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.