Gipuzkoako autobusen greba, uztailaren 13, 14, 20 eta 21ean

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek salatu dute patronalak ez dituela dietak ordaindu nahi

Sindikatuen elkarretaratzea, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
2018ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
DONOSTIA. LAB, ELA, UGT eta CCOOk grebara deitu dute Gipuzkoako autobus zerbitzuetan uztailaren 13, 14, 20 eta 21erako. 30 bat enpresatan egingo dute greba, eta horien artean daude Lurraldebus eta Pesa ere.

Ekainaren hasieran patronalarekin akordiorako oinarri bat adostu baldin bazuten ere, orain patronalak ez du sinatu nahi zerbitzu erregularrak egiten dituzten autobusetako gidariei dietak ordaintzea arautzen duen puntua. Zerbitzu berezietako gidariek bezala, dietak jasotzeko eskubidea dutela exijitu dute.

Atzo, Gipuzkoako Aldundiaren aurrean egindako elkarretaratzean, LABeko Ziortza Ameztoik salatu zuen patronalak ez duela bete bere hitza. «Gure helburua ez da greba egitea, hitzarmena adostutakoaren arabera sinatzea baizik», gaineratu zuen.

Hala ere, puntu hauek betetzeko konpromisoari eusten dio patronalak: langileek beren postuari eutsiko diotela ziurtatzea, linea baten adjudikazioa duen enpresa aldatuz gero; soldata igotzea; eta atsedenaldiak egiteko eskubidea izatea sei ordu lan eginez gero, hamabost minutuko atsedenaldia, eta bederatzi ordu baino gehiago lan eginez gero, 30 minutukoa.

Grebak 5.000 langileri eta autobusa erabiltzen duten herritar guztiei eragingo die. LABek gogorarazi du Gipuzkoakoa dela ordenantza bakarrenetakoa autobus zerbitzu erregularretako gidariei dietak jasotzeko eskubidea ukatzen diena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.