Siriak Israeli leporatu dio Damaskoko erasoa egin izana

Bi soldadu hil dituzte aireportuaren kontrako bonbardaketan; zerbitzuz kanpo egon da zenbait orduz

2023ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
DAMASKO. Siriako Gobernuak Israeli leporatu zion, atzo, ordu txikietan hiriburuko aireportuaren kontrako erasoa egin izana; bonbardaketa horretan gutxienez bi militar hil eta beste bi zauritu zituzten, eta kalte materialak ere izan zirela gehitu zuen gobernuak, ohar baten bidez. Israelgo armadak ez zuen ezer esan eraso horretaz, orain arte egin ohi duen modura.

Joan den irailean ere egin zioten eraso Damaskoko aireportuari; orduan ere, Siriak Israeli egotzi zion bonbardaketa horien egile izatea, eta bost soldadu hiltzea. Aireportua zerbitzurik gabe egon zen hiru egunez; aldiz, atzoko erasoak eragindako arazoak eta kalteak azkarrago konpondu zituzten, eta atzo bertan itzuli ziren lanera.

Beste bonbardaketa bat iragan ekainekoa izan zen, baina, kasu horretan, ez zen hildakorik izan; aireportua, berriz, hiru asterako itxi behar izan zuten.

Ohikoa bilakatu da Israelek Siriaren kontrako erasoak egitea, bere segurtasunarentzat «mehatxutzat» baititu Damaskoren aliatu diren talde armatuak —tartean, Libanoko Hezbollah milizia—. Hain justu, Tel Aviven arabera, Siriako hiriburuko aireportutik bidaltzen dizkiete armak talde horiei, besteak beste.

Israelek «gerra arteko kanpaina» deitzen dio Siriaren kontrako estrategia horri. Duela hamar bat urte hasi zuen, urte hartako urtarrilaren 30ean Hezbollahrentzako armamentu batzuk bonbardatuta. Tel Avivek adierazi izan du Iranen milizia aliatuak ere badaudela Sirian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.