ZUZENDARIARI

Alegoria

Bedia
2021eko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Orain dela egun batzuk 2020. urteari, urte latzari, historiako liburuetan jasota agertuko den urteari, adio esateko eguna heldu zitzaigun. Abenduaren 31n, gauerdi inguruan topa egiteko orduan, ez ziren gutxi izango urte berriak entzungo zituen erreguak, eskaerak, mesedeak eta abarrekoak. Herrialde askotan, sagardo, txanpain eta turroi artean, gehien errepikatutako hitza Osasuna! izan zitekeen. Beste hainbatetan, ordea, luxuzko produkturik gabe, Askatasuna! aldarria entzungo zuten.

Edonola ere, denboraren orratzak arin doaz, inoiz baino bizkorrago, agian. Duela urtebete pandemia ezezagun baten ondorioz konfinamendu baten atarian geunden, eta orain birusari aurre egingo dion txertaketa masiboaren aurrean; Tempus Fugit. Badirudi munduko herrialderik boteretsuenak gorritu egin direla oraingoan, COVID-19ak euren hilkortasun tasa hirugarren munduko herrialdeetako hilkortasun grafikoen ertzaren ertzera hurbildu duenean, pilak jarri dituzte.

Auskalo nora garamatzan guzti honek. Ez naiz ni txertoa, txertatzaile, txertaketa, txertatzea, edota [tx] txistukariarekin hasten diren hitz guztiak kolokan jartzen hasiko; izan ere, afera honen inguruan, Sokratesek esan bezala, «dakidan gauza bakarra da ez dakidala ezer». Baliteke osasuna eta gure bizimodua hankaz gora jarriko duten paradigma berriak ezartzen hasi izana. Nork? Nork jakin.

Horrenbestez, ziurtasun osoz dakidan gauza bakarra zera da: Erdi Aroan hain beldurgarri zein arrakastatsu bihurtu zen Heriotzaren alegoriak —beltzezjantzitako eskeletoa, sega handi bat eskuan duela— gaur egun musukoa darama, eta segari oratu beharrean, xiringa bat darabil esku artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.