Koronabirusa

Osakidetzako langileek aldarri izan dute negoziazio «erreala»

Sindikatuek «gabeziei» erantzutea dute aldarri. SATSEk berretsi du Osakidetzak askatasun sindikala urratu zuela.

Osakidetzako langileen auto karabana, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Osakidetzako langileek auto karabanak egin zituzten atzo Gasteizen, Bilbon eta Donostian, eta «izurriteak agerian utzi dituen gabeziei erantzuna emateko benetako negoziazioa» eskatu zuten. Hain zuzen, ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta SATSE sindikatuek osasun arloan inbertsio handiagoa eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari, baita lantaldea handitzea, zerbitzu pribatuak publiko bilakatzea eta lan osasuna babestea ere. Hain zuzen, sindikatuak azken hilabeteotan egiten ari diren mobilizazioen jarraipena izan zen atzokoa, hala nola «Osakidetzako lan baldintzen prekaritatea» salatzen baitabiltza. Mobilizazioek, beraz, ez dute etenik izango. Hilaren 14an manifestazioak egingo dituzte, eta 21ean elkarretaratzeak osasun zentro guztietan. Urtarrilaren 28rako, berriz, greba egiteko asmoa dute.

SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatuak, berriz, atzo jakinarazi zuen Gasteizko epaitegiak aintzat hartu duela Osakidetzaren aurka sindikatuak jarritako auzi eskea. Hain zuzen, SATSEk salatu zuen Osakidetzak askatasun sindikala erabiltzeko oinarrizko eskubidea urratu egin zuela, COVID-19ak eragindako osasun krisiaren kudeaketan langileei ezarritako neurriak negoziatzeko prest ez zegoelako. Izan ere, zenbait eskaera egin zituzten, hala nola laneko arriskuen prebentziorako neurriak eta ezarritako lanaldi luzapenak eta konpentsazioak berraztertzea, baina epaitegiak ondorioztatu du halakorik ez zela egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.