Olinpiar Jokoak antolatzeko asmoa berretsi du Japoniak

Lehen ministroak gezurtatu egin du 'The Times'-en berria: Tokiok pribatuan erabaki duela Jokoak ez egitea

Gizon bat, maskararekin, Tokioko Jokoen logoaren ondoan. K. MAYAMA / EFE.
2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
OLINPISMOA. Japoniako lehen ministro Yoshihide Suga argi mintzatu zen atzo: udan Olinpiar Jokoak egitearen asmoari eusten diote: «Tokioko agintariekin eta Nazioarteko Olinpiar Batzordearekin elkarlanean, ziurrak diren Olinpiar Joko batzuk antolatu nahi ditugu». Hala, gezurtatu egin du The Times egunkariak ateratako informazioa. Haren arabera, Japoniako Gobernuak «pribatuan» erabaki du Olinpiar Jokoak ez antolatzea, eta lanean ari da 2032koak antolatzea eskatzeko. Izan ere, 2024koek eta 2028koek badute egoitza: Paris eta Los Angeles (AEB), hurrenez hurren.

Sugak Jokoak antolatzearen garrantzia nabarmendu zuen. «Gizateriak COVID-19a mendean hartu duen seinale litzateke». Gainera, berretsi du lanean ari direla uztailerako dena prest izateko. Uztailaren 23an dira hastekoak.

NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak ere oharra atera zuen: «Japoniako Gobernuak ateratako oharra argia da, eta ozen esan nahi dugu informazio horiek faltsuak direla. Denak ari gara lanean uztailean egingo diren Jokoak arrakastatsuak izan daitezen. Hori da buruan dugun bakarra. Arreta osoa hor dugu jarrita. Beharrezkoak diren neurri guztiak hartzeko ari gara lanean». NOBek iazko martxoan erabaki zuen Jokoak atzeratzea, pandemiagatik.

Japoniako Gobernuaren asmoa Olinpiar Jokoak antolatzea bada ere, oso bestelakoa da herritarren iritzia. Izan ere, Kyodo albiste agentzia ofizialak egindako inkestaren arabera, hamar japoniarretatik zortzi Jokoak bertan behera uztearen edo berriz atzeratzearen alde daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.