Bielorrusian presidentea aukeratuko dute gaur

Alexandr Lukaxenkok 26 urte daramatza karguan, eta Sviatlana Tsikanouskaia du aurkari nagusia

Maria Kolesnikova, Sviatlana Tsikhanouskaia eta Veronika Tsepkalo. ALEX BUSTOS.
2020ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
MINSK. Ez da erraza Alexandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentea kargutik kentzea. 26 urte egin ditu herrialdeko presidente karguan, eta, gaurko hauteskundeak irabazten baditu, beste bost izango dira.

Sviatlana Tsikhanouskaia da Lukaxenkoren aurkari nagusia. Tsikhanouskaiak bere alde du Veronika Tsepkaloren eta Maria Kolesnikovaren babesa: bozetan Lukaxenkori irabazteko aukera gehien zuten hautagaitzen ordezkariak dira biak. Haren senar Siarhei Tsikhanouski blogari eta youtuber famatua espetxean dago, «ordena publikoaren aurkako ekintzak antolatzeaz» akusatuta. Tsikhanouskaia, hain zuzen, senarraren ordez aurkeztuko da bozetara.

Tsikhanouskaia ingeleseko irakaslea da, eta, esperientzia politikorik ez badu ere, herrialdean zehar antolatutako mitinetara milaka lagun erakartzea lortu du. Bere aldarrikapen nagusietako bat hauteskunde askeak egin ahal izatea da.

Hiru emakumeek Bielorrusiaren demokratizazioa eta modernizazioa desio dute, eta Batasunaren Estatua ere kritikatu dute: aduanen arteko batasun moduko bat da, zeinak bide ematen duen errusiarrak eta bielorrusiarrak bi herrialdeetan herrialde bera balitz bezala egoteko. Errusiarekin gehiago integratzearen aurka daude bereziki.

Bielorrusiako presidenteak ziurtatu du bere herrialdea ez dagoela «emakumezko presidente bat izateko prest». Lukaxenkok kritikatu egin du «soldadutza egin ez duen» norbait presidente izan ahal izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.