Suhiltzaileek euria lagun izan dute Europa hegoaldean

Eubean 40 herri hustu dituzte; Sizilian larrialdi egoera ezarri dute, kontrako baldintza meteorologikoengatik

Suhiltzaileak lanean, Atenas inguruan. KOSTAS TSIRONIS / EFE.
2021eko abuztuaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
ATENAS. Grezian suteak itzali ezinik jarraitzen dute oraindik ere, eta atzo 55 fronte zeuden aktibo. Denera, 50.000 hektarea inguru erre dira herrialde horretan, eta atzemandako suterik larrienak, hots, Eubea irlakoa, Peloponesokoaeta Atenas iparraldekoa, kontrolatu gabe zeuden oraindik arratsaldean. Halere, autoritateek jakinarazi zutenez, Atenaskoan hobera egiten ari zen egoera, eta gauerako kontrolatzea espero zuten. Eubean, berriz, goizean euria lagun izan zuten arren, uhartearen hegoalderantz zabaltzen jarraitu zuen suak. Denera, 40 herri hustu dituzte han. Gobernuak, berriz, azaldu zuen hiru lagun atxilotu dituztela, suak pizteagatik.

Turkiako Antalya probintzian ere euriak lagundu zuen egoera baretzen. Herenegun bi foku garrantzitsu kontrolatu zituzten han, eta haiek itzaltzeko bidean ziren atzo. Halere, beste seik aktibo jarraitzen zuten herrialdean: bat Isparta probintzian, eta bost Muglan.

Italian, berriz, Siziliako presidente Nello Musumecik larrialdi egoera ezarri zuen, suteen eraginez. Tenperatura altuak —azken hamarkadako gogorrenak— eta kontrako baldintza meteorologikoak argudiatu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.