Foro Soziala, torturatuen aitortzarako neurri eske

Foroarentzat, «funtsezkoak» dira torturak «errepikatzeko aukerarik ez dagoela bermatzeko neurri zehatzak»

2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
DONOSTIA. NBEren Torturaren Biktimen Babeserako Nazioarteko Eguna da ostiralean, eta, hori dela eta, torturaren biktimen aitortzarako neurriak hartzeko eskatu du Foro Sozial Iraunkorrak. Dekalogo bat plazaratu du horretarako «gomendioekin», eta iruditzen zaio neurri guztien artean «funtsezkoena» dela torturaren biktimak izandakoak «ofizialki» aitortzea, eta tortura «errepikatzeko aukerarik ez dagoela bermatzeko neurri zehatzak hartzea».

Foroaren arabera, gertatutako «guztia» ikertzen jarraitu behar da «ikerketa akademiko gehiagoren» bidez, «giza eskubideen urraketa krudel horrek bere osotasunean eragin duena behin betiko azaleratu arte». Hamar puntuko neurri sorta bat da, eta, horietako beste batean, nabarmendu dute «sinesgarritasuna» eman behar zaiela biktimei. «Aitortza egin behar zaie, eta azaleratu behar da haien giza eskubideak zergatik izan ziren urratuak erakunde ofizialen babesean».

Emakumezkoek jasandako torturak ere hizpide hartu ditu Foro Sozialak. «Neurriak hartu behar dira aitortzeko eta azaleratzeko genero arrazoiak urraketetan astungarri bat izan direla emakumezkoek jasandako torturetan. Indarkeria matxistaren beste molde bat da, torturatutako emakumezkoek modu espezifikoan pairatu behar izan dutena». Aitortzan sakonduz, Foroarentzat «beharrezkoa» da «instituzio guztiek, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak» torturaren biktima guztiak «ofizialki eta instituzionalki» gogoratzea.

Bide batez, oroitu du Eusko Legebiltzarrak legez besteko proposamen bat onartu zuela, aho batez, iazko ekainaren 20an, «torturaren bidegabekeria» gaitzesteko. Foroaren ustez, «aitortzaranzko aurrerapauso garrantzitsua» izan zen hura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.