Espainiako Senatuak ez du ikertuko Felipe Gonzalez

Uko egin dio ikerketa batzorde bat sortzeari presidente ohiak GALen sorreran zer ardura izan zuen argitzeko

2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
MADRIL. Espainiako Kongresuak iragan astean uko egin zion. Senatuak, atzo: erakunde horretako Mahaiak uko egin zion ikerketa batzorde bat sortzeari Felipe Gonzalez Espainiako presidente ohiak GALen izandako ardura argitzeko. PSOEk eta PPk atzera bota zuten EAJk, EH Bilduk, ERCk, JxCk eta Ezker Konfederalak babestutako eskaera, eta ez zuten tramiterako onartu.

Gonzalezek GALen sorreran eta bilakaeran izandako ardura albiste bihurtu da berriro, Ameriketako Estatu Batuetako Inteligentzia Agentzia Zentralaren (CIA) agiri batzuetan agertu baita. «Felipe Gonzalezek mertzenario talde bat sortzea erabaki du, terroristei legez kanpo aurre egiteko», diote, besteak beste, agiriek. 1984an idatzitako agiriak dira, 2011n desklasifikatuak.

Espainiako Kongresuan erabilitako argudio bera erabili zuten atzo Senatuan ere, ikerketa batzordea sortzeko eskaera atzera botatzeko: jada ikertutako eta epaitutako gertakariak direla. Kasu bakan batzuk baino ez zituzten epaitu, eta Felipe Gonzalez ez zegoen tartean.

Arrazoi horrez gain, Cristina Narbona Senatuko lehen presidenteordeak beste bat aipatu zuen atzo: Senatuak 1995ean batzorde bat sortu zuela Felipe Gonzalezen ardurak argitzeko —Gonzalez Espainiako presidentea zen orduan—. Narbonak atzo ez zuen azaldu, ordea, 1995ean Senatuan batzordea sortu zutela, baina handik aste gutxira desegin zutela, ia lanik egin gabe eta, jakina, ondoriorik atera gabe.

«Ez da praktika egokia, printzipioz, ganbera hau aurreko gobernuak epaitzeko erabiltzea, gobernuan dagoena dagoela», Narbonaren iritziz. Norbaitek erantzukizun politikoak nahi izatekotan PSOEk 1996ko hauteskundeak galdu zituela nabarmendu zuen Narbonak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.