Atzerritarrek Sudan utzi ahal izateko misioak hasi dituzte

Aldeek hiru eguneko su etena dute adostua, baina, aurrekoetan gertatu bezala, erasoak ez dira eten

2023ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
KHARTUM. Sudango armada herrialdea utzi nahi duten atzerritarren irteera errazteko lanetan hasi zen atzo. Hilaren 15ean gatazka piztu zenetik, lehen aldiz antolatu dute halako prozesu bat, gudan dauden bi aldeek hiru eguneko su eten bat adostu dutela baliatuta.

Sudango Armadak eta RSF Azkar Laguntzeko Indarrek borrokak eteteko konpromisoa iragarri zuten herenegun, ramadan amaierako Eid al-Fitr ospakizunak aintzat hartuta. Dena den, aurreko su etenetan gertatu bezala, erasoak ez dira eten, eta erasoak izan dira, bereziki, Khartum inguruan.

Saudi Arabia izan da bere herritarrak ateratzen lehena. Lurretik garraiatu ditu ekialdeko Port Sudan hiriraino, eta handik barkuz Itsaso Gorriaren beste alderaino, Al-Ijbariya albiste agentziak azaldu duenez. 158 herritar atera ditu guztira. Jordaniako eta Kuwaiteko herritarrek ere bide bera erabili dute.

Atzerritarrak airetik ateratzeko baimena ere eman du Sudango armadak, bide hori erabili nahi duten misioei bide emate aldera. Nabil Abdula armadako bozeramaileak azaldu zuenez, Frantziak, Erresuma Batuak, AEBek eta Txinak beraien diplomazialariak hegazkinez ateratzeko eskaria egina zuten. Segurtasun arazoengatik operazio horiek atzeratzen ari ziren, ordea, edizio hau ixterako. Borroken ondorioz, itxi egin zuten hiriburuko nazioarteko aireportua eta Nyalakoa, Darfurren.

Erasoetan 400 lagun baino gehiago hil dira, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.