Ez dago Errekaleor eraitsi behar dela dioen txostenik

EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Irabazik argitu dute eraikinek ez dutela egiturazko arazorik, alkateak esan bezala

2017ko uztailaren 11
00:00
Entzun
GASTEIZ. Errekaleorreko eraikinek ez dute egiturazko arazorik. Areago, udal teknikarien ustez, atari guztien egitura egoera «onean» dago, 2015eko martxoaren 23an sinatutako txosten baten arabera. Gasteizko EH Bildu, Ahal Dugu eta Irabazi udal taldeek informazio hori ezagutarazi zuten atzo, eta udalaren jokabidea salatu. Izan ere, auzoa eraitsi ahal izateko, EAJk eta PSE-EEk argudiatu izan dute eraikinek egiturazko arazoak zituztela.

Eraikinen sendotasuna berresteaz gain, argindar sarearen egoerari ere heltzen dio txostenak. Eusko Jaurlaritzak auzoko argindarra moztu zuen «segurtasun arazoak» argudiatuta. Ordea, txostenak adierazten du ez dagoela segurtasun arazo orokorrik; hots, etxebizitza jakin batzuetara mugatzen direla arazoak. «Konponbide tekniko erraza dute guztiek», azaldu du Miren Larrion EH Bilduko bozeramaileak. Horrez gain, teknikariek ez zuten «osasungarritasun falta» antzeman auzoan, ezta etxebizitzetan ere.

Udal teknikarien txostenak zenbait arazo ere uzten ditu agerian, etxe aurreetan eta eraikin batzuen eremu komunetan. Oscar Fernandez Irabaziko eledunak hausnartu du udalaren jarreraren ondorioa dela. «Beste auzo batzuen eraikinak egoera bertsuan daude; irizpide horien arabera, hiri erdia bota beharko lukete».

EH Bilduren iritziz, auzoa eraisteko asmoa «politikoa» da, «PPren botoak erakartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.