Etenalditik Mallorcara, San Mamesera joan aurretik

FUTBOLA. Ondo etorri zaio geldialdia Osasunari indarberritzeko. Jagoba Arrasateren taldeak puntu bakarra eskuratu du azken hiru partidetan, eta datorren astean Espainiako Kopako finalerdiak jokatu aurretik denbora izan dute atseden hartzeko. Berebiziko garrantzia daukan partida hori jokatu aurretik, baina, Mallorcari egin beharko diote bisita. Gaur arituko dira bi taldeak nor baino nor, Mallorcako Son Moix estadioan (21:00, DAZN).
Atzo egin zuen Bizkaiko prestatzaileak prentsaurrekoa, eta etenaldia «Lasaitzeko eta futbolaz ahazteko» baliatu dutela aipatu zuen: «Hori horrela denean energia gehiagorekin itzultzen zara entrenamenduetara». Mallorcaren aurkako lehiari begira jarrita, «partida itxi bat» espero du Arrasatek: «Xehetasun txikietan erabakiko da». Chimy Avilak min hartuta jarraitzen duela aipatu zuen entrenatzaileak. Argentinan jaiotako aurrelariak soleoan hartu zuen min, eta ez da bihar ariko. Darko Brasanac eta Ruben Peña ere ez dira deialdian sartu. Lehenengoak bosgarren txartel horia ikusi zuen, eta bigarrena hurrengo astean berragertu daitekeela aurreratu du Arrasatek.
Prestatzaileak ez du hurrengo asteko Kopako finalerdien inguruan hitz egin nahi izan: «Egia da aste berezi bat dela, baina ez dugu astearteko partidaz berba egin; Mallorcan jarri dugu fokua. Bertan irabaztea da astearteko partidari aurre egiteko modu egokiena».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.