Tubacexen eguneko jarduna eten du pikete feminista batek

Zuzendaritzaren eta langile batzordearen arteko bilera ezin izan da egin, eta gaurko adostu dute hitzordu bat

Ertzainak Tubacexeko pikete feministako kideekin hitz egiten, atzo. AIARALDEA.COM.
2021eko martxoaren 9a
00:00
Entzun
LAUDIO. Tubacexen ez zuten lanik egin atzo, ez behintzat Laudion duen plantan (Araba). Aiaraldeako mugimendu feministak grebalariekin batera parte hartzera deitu zuen, eta haien piketeak eguneko jarduna etetea lortu zuen. Goizeko txanda hasi aurretik, 07:00etan, eserialdia egin zuten altzairutegiko sarrerara doan errepidean. Greba egiten ez duten langileak eta zuzendaritzako kideak zekarzkien autobusa aurrera egin ezinda gelditu zen. Hainbat ertzain ere gerturatu ziren, eta langile batzordeko kideekin hitz egin zuten. Negoziazio luzea izan zen, eta ertzainek jakinarazi zieten isun administratiboak eragin zitzakeela protestaldiak. Ertzainek ez zuten beste neurririk hartu, eta autobusak atzera egin zuen.

Lan jardunik ez zen egon, ezta enplegu erregulazio prozesuaren negoziazio epean aurreikusitako bilera ere. Dena den, enpresako zuzendaritzak eta langile batzordeak gaurko egin dute hitzordu berria. Egutegia betetzen bada, azken aurreko bilera izango da, bihar bukatzen baita epaileak agintzen duen negoziazio prozesuaren epea.

Bilduko dira, baina batzordeko kideek atzo jakinarazi zutenez, ez dira oso baikorrak. Orain arteko bileretan egindako urratsak oso txikiak izan dira. Enpresak, hasieran, 150 kaleratze iragarri zituen, eta, gero, 136 kaleratzera jaitsi. Enpresak erretiro aurreratuak eta ordainduriko kontratu etete batzuk egiteko aukera eskaini zuen, eta gaur jakingo da zenbat langilek onartu dituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.