Koronabirusa

Eskubide Sozialen Gutunak «kalea berreskuratu» nahi du

Ekainaren 19an mobilizatuko da; herritarrak piztu nahi ditu, «aurreko krisietan gertatutakoa ez errepikatzeko»

Iruñean atzo eginiko bizikleta martxa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
2020ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
IRUÑEA. Eskubide Sozialen Gutuna osatzen duten eragile sozial eta sindikatuek mobilizazioak antolatu dituzte ekainaren 19rako, Etxean geratu naiz, orain kalera aterako gara lelopean. Aurreratu dute hiriburuetan izango direla mobilizazioak, baina ez dute zehaztasun gehiago eman.

Manifestu labur bat kaleratu dute, dozenaka eragilek babestutakoa. Horren arabera, ezinbestekotzat jotzen dute herritarrak aktibatzea, COVID-19ak eragin dezakeen krisi ekonomiko eta sozialari erantzuteko. «Ezin da errepikatu aurreko krisien ondoren gertatutakoa».

«Normaltasunera» itzultzea ezinezkotzat jotzen dute, eta azpimarratu dute aurrera begira hartu beharko diren neurrietan «pertsonak» lehenetsi beharko direla. «Atzean utzi nahi dugu osasun krisi bati erantzuteko gai ez den jendarte antolaketa. Pertsonak, komunitateak eta planeta babestea lehenetsi behar da, ez merkatua, etekin ekonomikoa eta jabetza pribatua. Langile eta herri sektoreen interesak erdigunean jartzeko unea da».

Eskubide Sozialen Gutunak deituta, 30 pertsona inguruk parte hartu zuten atzo Iruñean eginiko bizikleta martxan, Nafarroako Gobernuaren Suspertu 2020-2023 planaren inguruan prozesu parte hartzaile «erreal» bat eskatzeko, eta gogoratu dute ez dituztela foro horretara gonbidatu. Agiri batean bildu dituzte euren proposamenak eta horiek kontuan hartzeko eskatu diete gobernuari eta beste eragile sozioekonomiko batzuei. Bizikleta martxa baliatu dute agiria haiei helarazteko. Besteak beste, eskatu dute zerbitzu publiko unibertsalak, doakoak eta kalitatezkoak bermatzeko, «kalitatezko» lanpostuak sortzeko eta pertsonak eta natura errespetatzen dituzten «ekonomia eraldatzaileko sareak eta proiektu herrikoi eta komunitarioak» bultzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.