Bidasoa ibaian gorpu bat aurkitu du Guardia Zibilak

Martxoaren 12an desagerturiko migrantearena ote den ikertzen ari dira. Hilotza identifikatzeko lanetan dabiltza.

2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun
IRUN. Guardia Zibilak gizonezko baten hilotza atzeman zuen atzo Bidasoa ibaian, Irun (Gipuzkoa) inguruan. Gizonezko batena da. Polizia iturriek ez zuten eman informazio gehiagorik, baina ikertzen ari dira martxoaren 12an desagerturiko migrantearena ote den. Izan ere, hura desagertu zen tokitik hurbil aurkitu zuten hilotza. Guardia Zibilak ohar bidez jakinarazi zuenez, gorpua deskonposatze fase aurreratuan zegoen, eta ur azalean atzeman zuten.

Larrialdi zerbitzuek martxoaren 17an utzi zioten migratzailea aurkitzeko bilaketa lanetan jarduteari. Gizonezkoa desagertu eta bost egunera, alegia. Hala eta guztiz ere, ikerketa ez zen guztiz eten, eta Guardia Zibilak miaketa lanetan jarraitu du tarteka.

Hilaren 12an hiru pertsona saiatu ziren Bidasoa ibaia gurutzatzen, baina horietako bik baino ez zuten lortu beste aldera iristea: horiek eman zioten abisua Frantziako Poliziari. Erreskate zerbitzuak egun horretan bertan hasi ziren falta zen pertsonaren bila, Bidasoa ibaia Hendaia, Biriatu, Urruña (Lapurdi) eta Irun artean igarotzen den zatian, baina bilaketa lanak eten egin zituzten.

Irungo Udaleko alkate Jose Antonio Santanok atzo adierazi zuenez, litekeena da desagertutako migratzailearena izatea hilotza, eta doluminak agertu zizkion sendiari. Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendari Xabier Legarretak, berriz, «korridore humanitario seguruak» eskatu zituen migratzaileek muga igaro dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.