ELAk eta LABek grebara deitu dute Arabako zahar etxeetan

Urtean 1.792 ordu lan egiten dituztela salatu dute Arabako zahar etxe pribatuetako langileek

2023ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Lan hitzarmenaren negoziazioaren inguruan dagoen blokeoa salatzeko, eta «behingoz sektore horretako langileen baldintzak behar bezala erregulatzeko», lanuzteak eginen dituzte Arabako zahar etxe pribatuetan, hilaren 23an eta 24an. ELA eta LAB sindikatuek egin zuten atzo grebarako deialdia. Sindikatuetako ordezkariek egin zuten prentsaurrekoan azaldu zutenez, bitartekariari martxoaren 15ean aurkeztu zioten proposamen bat, baina oraindik ez dute erantzunik jaso.

Ordezkarien erranetan, zahar etxeetako langileak lan bat baino gehiago egiten ari dira aldi berean , «beharrak eragindako gaitzekin horietako asko». Lan anitz egiten ari direla erran zuten, lanaldi oso luzeekin —urtean 1.792 ordu inguru egin behar izaten dituzte—, baina, hala ere, hilabete bukaerara iristea gero eta gehiago kostatzen ari zaiela. «Lan egiteko bizi dira, eta bizirauteko bizi», adierazi zuten. Salaketa horiei guztiei gehituko diete hilean 1.000 eurora iristen ez den soldata batekin bizi behar dutela, eta ratio «onartezinak» dituztela. Sindikatuek nabarmendu zuten, gainera, Arabako Foru Aldundiak onartu egiten duela zahar etxeetako egoera. Funtsean, ELAk eta LABek Bizkaiko zahar etxeetako langileen baldintza berberak nahi dituzte Arabakoentzat: urtean 1.592 orduko lanaldia eta 1.480 euroko soldata.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.