Pritzker saria, Yvonne Farrel eta Shelley McNamararentzat

«Gizonak nagusi izan ziren eta diren esparru batean aitzindari» izatea aitortu diete bi arkitekto irlandarrei.

Farrel eta McNamara, Hyatt Fundazioak zabaldutako argazki batean. ALICE CLANCY / EFE.
2020ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
ARKITEKTURA. Yvonne Farrel eta Shalley McNamara arkitekto irlandarrei eman diete aurtengo Pritzker saria, arkitekturaren arloko saririk entzutetsuena. «Gizonak nagusi izan ziren eta diren esparru batean aitzindari izan dira. Itsasargi bat dira beste profesional batzuentzat», aitortu die epaimahaiak. Bai kokalekuekiko bai bertako komunitateekiko beren lanetan agertu ohi duten errespetua ere nabarmendu die epaimahaiak.

Pritzker saria irabazi duten lehen arkitekto irlandarrak dira Farrel (Tullamore, 1951) eta McNamara (Lisdoonvarna, 1952). Baita saria eskuratu duten laugarren eta bosgarren emakumeak ere —Zaha Hadid (2004), Kazuyo Sejima (2010) eta Carme Pigem (2017) arkitektoei eman zieten haien aurretik—. Dublingo Unibertsitatean ezagutu zuten elkar, ikasle garaian, eta Grafton Architects estudioa zabaldu zuten Dublinen, beste hainbat bazkiderekin batera. Egun, beren obretan ez ezik, irakaskuntzan ere ari dira lanean.

Lau hamarkadako ibilbidean, askotariko lanak sortu dituzte, eraikin ofizialetatik hasi, eta etxe partikularretaraino. Esanguratsuenen artean daude, besteak beste, Tolosako Ekonomia Eskola (Okzitania, 2019); Limako Ingeniaritza eta Teknologia Unibertsitatea (Peru, 2015); Dublingo Finantza Departamentua (Irlanda, 2009); eta Milango Luigi Bocconi Unibertsitatea (Italia, 2008).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.