ZUZENDARIARI

Eskola jardunaldia eta Hezkuntza Proiektua

Izaskun Martinez Alkat, Ilazki Baratze Baque, Pablo Garcia Gonzalez eta Elixabete Ansa Otermin.
2023ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun

Urtarrilaren 11n eta 12an Nafarroako Eskola Kontseiluak —Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren eskariekin bat eginez— antolatutako eskolen jardunaldiari buruz prentsan jasotako hausnarketen harira, lerroburu kezkagarri batzuk ikusi ditugula azpimarratu nahi dugu. Hasteko eta behin, hausnarketarako topagune izan behar zuen jardunaldia erabat objektiboa ez zela izan adierazi nahi dugu jardunaldi jarraituaren alde lanean dihardugun eskola desberdinetako gurasoen taldetik.

 

Izan ere, Nafarroako Eskola Kontseiluak antolatutako saioan parte hartu zuten hiru hizlarietatik bi aditu, eskola jardunaldi etenaren alde mintzatu baitziren, eta hirugarrenak (guztiak hala izatea espero/nahi bagenuen ere) ez zuen egin ez bataren ez bestearen alde. Hain justu, hirugarren horrek, Jose Luis Bernal Agudok, kontuan hartu beharreko baieztapen bat aipatu zuen: ordutegi baten edo bestearen arteko alde bakarra, eskaintzen den Hezkuntza Proiektuan datzala.

Baina ez ditzagun gauzak nahita nahastu: egun familiek ez baitugu Hezkuntza Proiektua osatzeko eskumen zuzenik. Hori zuzenean ikastetxeei dagokie, eta ez familiei.

Familien eskuetan egun dagoen bide bakarra, ordutegia bozkatzeko aukera ematen zaigun ikastetxeetan, bata edo bestea aukeratzean datza. Are zehatzago, Hezkuntza Departamentuak ezarritako galdera erantzuteko aukera hau emango zaigu: «Ados al zaude eskolaldia aldatzeko proiektuarekin, eskolaldi etengabea/malgua izan dadin?».

Alemaniari, Madrili, Valentziari, Bartzelonari eta Aragoiri buruz aritu zaizkigu adituok jardunaldi hauetan, baina ez dugu Nafarroan bizi dugun egungo egoerari buruz hitz erdi bat ere entzun. Eta hori, harritzekoa da. Izan ere, egun Nafarroako eskola publikoen %80 baino gehiago jardunaldi jarraian baitaude. Gure harridurarako, aipaturiko jardunaldi hauetan ez dira solastatu iazko urtarriletik hona, eskola jardunaldia arautuko duen Foru Agindu berria osatzeko, hezkuntzako eragile ofizialek, egungo eskoletako zuzendariek, sindikatuek edo norbanakoek egindako ekarpenei buruz. Hala nola ez dute argitu (hauteskundeak tarteko) noiz idatzi eta ebatziko den Foru Agindu hori.

Hala nola ez zuten aipamenik egin, prozesua ebazteko garaian Nafarroako Arartekoak hezkuntza komunitateari eskatu beharreko ehunekoen aldaketari buruzko gomendioei buruz. Jakina baita egun eskatzen diren gehiengo kualifikatu edo berezi horiek gehiegizkoak direla (LOMLOEk gehiengo berezia izatea eskatzen badu ere).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.