ZUZENDARIARI

Herri polisarioa

2023ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Saharako errefuxiatu kanpamentuetara joanda, goiz batean Rabunira eraman gintuzten, Museo Nazionalera. Bidaide baten bidez, museoko gidariak jakin izan zuen idaztea maite dudala, eta, besotik hartuta, aparteko txoko batera eraman ninduen; esku-orri zahar maiztu bat erakutsi zidan, Polisarioaren zigilua zeramana.

«Eskuorriak ez du datarik, baina 1973an edo 1974an idatzita behar du, eta, segur aski, Tindufen egina. Tindufen egiten genituen horrelakoak», gehitu zuen museoko gidariak, disimulurik gabeko harrotasunez. Esku-orriaren mezua, ezin argiagoa: «Geure buruaren defentsan, gure lurraldean aske eta independente bizitzeko eskubidea defenditzeko borrokatuko gara».

Polisarioaren esku-orria Rodriguez de Viguri kapitain espainolaren etxeko atearen azpiko zirrikitutik sartu zion norbaitek, gauez eta azpikeriaz. Espainiako Armadaren erantzuna: atxiloketak, baita torturak ere, nor zen ekintza horren egilea atzemateko. Baina Saharako esaera batek dioenez, Gaueko hitzak... egunak eramaten ditu. Sahararrek erranairu hori gogoan zutelarik, Espainolek sekula ez zuten asmatu nor izan zen ekintza ausart horren egilea, eta nork egina zuen ezkutatzeko lana hain izan zen aratza, non egun inork ez du jada gogoan. Izan ere, gau horretako ekintzaren egilearen izena —urteak joan, urteak jin— betiko eraman du basamortuko haizeak.

1973ko apirilaren hondarrean gaztesaharar horiek bildu ziren Mauritaniako Zuerat herrian, eta gaur, maiatzaren 10ean, beteko dira 50 urte Fronte Polisarioaren sorrera aldarrikatu zenetik; handik hamar egunera, 1973ko maiatzaren 20an, lehen ekintza armatua egin zuten, Janguet Quesat-en Espainiako Armadak zeukan muga-postuan: Polisarioko kideen artean, Brahim Gali izeneko gazte saharar bat...

50 urte iraganda, Brahim Gali bera Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidentea dugu eta Fronte Polisarioak bi urte daramatza Marokoren armada okupatzailearen kontrako gerran berriz ere, komunikabide nagusiek ezkutatutako gerran; Fronte Polisarioak duintasunaren aldeko borrokan tinko darrai. Aise da ulertzen zergatik deitzen zaion Saharako Herriari Herri polisarioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.