ZUZENDARIARI

Dena barne

Bedia
2021eko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Furgoneta zuriak, beltzak, gorriak; furgoneta txikiak, handiak; toldodunak, westfaliadunak, edota 4x4ak. Beste batzuek izan badute sukaldea ere, bizikleta-eramatekoak, komuna, dutxa eta eguzki-panela. All in. Ukaezina da azken urteetan bogan dagoen ibilgailua dela furgoneta.

Guk geuk ere horrelako furgoneta bat ekarri genuen joan den udan, eta, apurka-apurka, emeki jantzi dugu gure etxebizitza berria; tira, oporraldiak igarotzeko bizilekua. Baliteke iazko konfinamendu bortitzak gure beroaldian —barkatu, erabakian— zeresan handia eduki izana. Halaber, balizko askatasun baten bila genbiltzanean... Hara! Furgoneta agertu, erosi, eta gure amets guztien iturri bihurtu genuen. Ikustekoa izan da zelan bete ditugun Euskal Herriko bide bazterrak furgoneta eta karabanaz aurtengo Aste Santuan. Gora gu eta gutarrak!

Goragoan esandakoen harira, lantokirantz nindoala, nire furgoneta liraina laneko aparkalekuan utzi eta geurearen estiloko beste baten ondotik pasatu nintzen. Furgoneta hori beste marka batekoa zen, alemaniarra, 1997koa edo, sasoi batean oso garestiak ziren horietarikoa. Zaharra bazen ere, all in zuen horietakoa zela iritzi nion; beste bat. Hala ere, begikortasuna piztu zuen nigan herdoilak jandako furgoneta zahar horrek. Eta berogailua piztuta zuela ohartu nintzen. Disimuluz apur bat hurbildu nintzen, eta barrutik telebista edo irrati hotsak antzeman nituen.

Oinez aurrera egin arren, neure burutazio jarioa geldiezina izan zen. Buruari mila galdera egin nizkion goiz hartan. Nor ote zegoen furgoneta barruan? Institutu ondoan egonda, agian azken kurtsoko gaztetxoren batek piper egiteko aukera aprobetxatu zuen, eta, gurasoei giltzak ostuta, bero-berotan egoteko aukerari ezin muzinik egin. Baliteke maitale bik euren haragi-goseari askatasuna eskaini izana. Zoritxarrez, bat-batean ipar-haize kolpe batek neure pentsamenduetatik atera ninduen.

Orduantxe ulertu nuen errealitatea askoz prosaikoagoa edo sinpleagoa dela, eta goiz hartan Euskadi Irratian etxegabetzeei eta pentsioei buruz martxan zen eztabaida gogora ekarri nuen. Dagoeneko ziur nago etxegabetu batek, edota gutxieneko pentsiora heltzen ez den agure batek, horrelako furgoneta zahar eta herdoildu batean bizitzeko aukera gehiago dituela irudikatu nituen amoranteek edo ikasle petralak baino. Ordutik all in hitza tentuz erabiltzea erabaki dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.