ZUZENDARIARI

Euskara, txertaketa onaren adierazle

Zarautz
2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Kanpotik gure artean bizitzera etortzen direnekiko integrazio hitza erabili izan dugu maiz, etorkina gure kultura- girora moldatu den ala ez adierazteko. Aspaldian, ordea, integrazio hitzaren aurkako iritziak agertzen dira, esan nahi omen duelako beren kulturari uko egin eta gurea onartu araztea, alegia, asimilazioa.

Gaur beste hitz bat proposatzera ausartzen naiz: nekazaritzako txertaketa. Jakina da nola norbaitek oso gustuko fruta-arbola bat duenean eta halako frutak ematen dituen beste arbola bat nahi duenean, gustuko duenari adaxka bat kendu (mentua) eta zuhaitz basatiedo mota bereko beste arbola batean (txertaka) itsasten duen. Mentuak bere jatorriko genetikako frutak ematen ditu, eta ez txertakarenak.

Giza kulturara ekarrita, mentua litzateke kanpotik etorria; bertako zuhaitzean txertatzean berak dakarrenetik emango du. Asmoz txertakak baino fruitu hobeak. Etorkinarekiko ikuspuntu positiboa.

Fruta-arbolako mentua ongi itsatsi dela konturatzen gara txertakaren izerdia mentuaren baitan zirkulatzen ikusten dugunean. Hala, guk ere, ezaugarriren bati erreparatu beharko genioke kultura-txertaketa arrakastatsua izan den ala ez konturatzeko.

Nik arbolaren izerdiaren pareko dakusat euskara; etorkinaren mihian zirkulatzen ikusten dudanean, orduan ondorioztatzen dut txertaketa ondo gauzatu dela.

Gure zuhaitzean minez ikusten ditut, zoritxarrez, adar ihar ugari eta herenegun, atzo eta gaur txertatu diren hosto gabeko mentu asko. Gainera, maiz entzuten dut kultura-aniztasuna, multikulturalismoa aldarrikatzen, euskal arbolako izerdia aintzat eduki gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.