ZUZENDARIARI

Ikastolako barkuak jomugan

Zarautz
2021eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Ikastolak aspalditik dabiltza hedabideetan Euskal Eskola Publikoaren aldekoen idatzietan. Haien estatus pribatu/publikoa dute gaia. Ni euskaltzalea naiz, eta Euskararen Herria izan dut beti amets. Oraingoz, amets hutsa, erdizka ematen baitzait euskaraz bizitzeko aukera EAEn; gutxiago, beste lurraldeetan. Nik ez diot inori eskatzen euskaltzale izatea, ezta irakasleei ere. Hauei eskatzen diet euskara jakitea, ondo jakitea eta eskola barnean eta eskolako jardueretan euskaraz egitea beti, bai ikasleekin, bai irakasleen artean. Ez da asko hitz egiten hori praktikan nola dagoen.

Nik ez dut seme-alabarik, baina ikastolak finantzatzen jarraitzen dut, pentsatzen dudalako gaur egun finantzaketa behar duten eskola publikoak direla ikastolak. Hiru arrazoiengatik finantzatzen ditut:

Bat. Modu orokorrean, ikastoletan bereziki ikusten dudalako (bere akats eta guzti) bermatua euskararen erabilera eta ikasleen euskararekiko jabetasuna. Eskola publikoan euskararen presentzia bermaturik dagoela esanez, ikastoletan matrikula daitezkeen haurrak fitxatzeko ahaleginak beti izan dira; areagotua, orain, haurrak gutxitzen ari diren garai hauetan. Ikastetxe erlijiosoetatik ezin ikasleak bildu («gu zuek bezain erlijiosoak gara» esanez), nonbait, eta, haiei egurra eman ordez (gobernu laiko batek laikotasuna bermatzen ez duenari laguntzak ematen dizkiolako), laikotasuna eta euskalduntzea bermatzen dituenari eman behar egurra. Bide okerra.

Bi. Euskararen Herrian hedaturik dagoen erakunde bakarra ikastolena delako eta eremu horretako ikastola guztien ardura izan eta guztien bideragarritasuna bermatzen duelako. Amesten dut Euskal Herri osoko Euskarazko Eskola Publikoa. Batzuei EAEn bukatzen zaie EH.

Hiru. Ez naiz fidatzen Espainiako eta Frantziako gobernuekin hizkuntza-gaietan. Eta ez naiz fidatzen gobernu autonomikoekin ere. Segun eta nor dagoen agintzen, administrazio publikoen politikengatik etorkizun batean sor daitekeen egoerak ekar lezake Francoren garaietara itzuli beharra (ez zaie aldeko irakaslerik faltako), eta irakaskuntzako euskararen presentzia osoa bermatzeko ikastolak pribatutasun osora itzultzea. Ez du balio esateak «orduan berriro sortuko ditugu». Gogoratu, Hernán Cortések Espainiatik Amerikara eramandako barkuak hondoratu edo erre zituela bere soldaduek atzera egin ez zezaten. Hobe dugu guk gure barkuak osorik mantendu. Amesten dut Euskarazko Eskola Publiko iraunkor batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.