Hatortxu Rock 20ren balorazio 'oso baikorra' egin dute

Lau eguneko jaialdiaren balorazio positiboaren ondotik, euskal presoen eskubideen aldeko lanera deitu dute

Milaka lagun batu dira lau eguneko festibalean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
2017ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
MUSIKA. «Ahaztezina izango zela esan genuen, eta ahaztezina egin dugu». Hala adierazi dute lau eguneko jaialdiak ekarri duen emaitza ona Hatortxu Rock jaialdiko antolatzaileek. Eskertuta agertu dira, ezer baino lehen, bildutako milaka pertsonarekin, Lakuntzako herriarekin eta udal taldearekin, «beren etxeko ateak ireki» eta lursailak uzteagatik. Antolakuntzan aritu direnentzat ere esker oneko hitzak baino ez. «Inoizko auzolan erakustaldirik handiena» izan dela aipatu dute; 6.700 boluntariotik gora aritu dira hainbat eginbeharretan. Elkarlanean arituta «gauza ikusgarriak» lor daitezkeela nabarmendu dute.

Haserrearentzako tarterik ere izan dute balorazioan. Haserrea, hainbat eraso sexista salatu direlako, tartean eraso lesbofobo bat—bi pertsona kanporatuak izan ziren jaialdiko eremutik—. «Intentsitate apalekoak» izanik ere, irmo gaitzetsi dituzte. Horretarako jarritako telefonoari esker izan zuten erasoen berri, eta azpimarratu dute ez dagoela jakiterik eraso gehiago egon ote zen. Bestalde, ingurumenarekiko jarrera dela-eta, kezka agertu dute, eta kanpalekua «zabortegi handi baten antzera» gelditu zela salatu.

Jaialdian lortutako erantzunak euskal preso eta iheslarien eskubideen alde lan egiteko indarrak batu dituela-eta, lan horri heltzeko deia egin dute antolatzaileek. Hogeigarrenez egingo dute aurten, baina, euren aldetik, azkena izatearen desira azaldu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.